Adembik bakarkako eta taldekako neuropsikologia-zerbitzuak eskaintzen ditu narriadura kognitiboa prebenitzeko.
Horietan, goi-mailako gaitasunak edo funtzioak hobetzeko estrategiak eta teknikak ikasten dira, eta horiek lantzeko ariketak egiten dira. Erabiltzaileek beren ahalmen kognitiboei ahalik eta etekinik handiena atera ahal izatea da helburua, hartara narriadura globala moteltzeko. Errehabilitazioa baino gehiago, entrenamendua edo estimulazioa da.
Zer da neuropsikologia?
Neuropsikologiak garunaren ohiko funtzionamenduari eragiten dioten edo eragin diezaioketen prozesu neurologikoek sortutako defizit kognitiboak eta jokabide-gabeziak ezagutu, hobetu eta konpentsatzen ditu.
Hauek dira ahalmen kognitiboak: arreta, kontzentrazioa, alerta-gaitasuna, zaintza-gaitasuna, arreta zatitua, memoria -berehalakoa, epe laburrekoa eta luzekoa-, lan-memoria, informazioa prozesatzeko abiadura, hizkuntza -bai adierazpena, bai ulermena, bai funtzio exekutiboak-, plangintza eta antolaketa, epaiketak egitea, erabakiak hartzea…
Noiz jo zerbitzu honetara?
Eguneroko jardueretan era honetako zailtasunak sumatzean:
- Moteltasuna oro har:
- Elkarrizketa batean norbaiti entzuten ari zarenean eta informazioa prozesatzea kostatzen zaizunean
- Norbaiti erantzuteko denboran
- Adierazteko zailtasunak:
- Ez duzu hitz egokia topatzen
- Ez zara gai esan nahi duzuna azaltzeko
- Memoria-hutsuneak eta sarritan ahaztea
- Denbora- zein espazio-desorientazioa
- Eguneroko hainbat jarduera planifikatzeko zailtasunak
- Kudeaketak egiteko arazoak
- Halaber, erabilgarria da:
- Egoera kognitiboa datu objektiboekin ezagutzeko eta, gainera, etorkizuneko ebaluazioekin alderatu ahal izateko.
- Lanketa eta txostenak aurkeztea eska dezaketen tramiteak gauzatzeko, esate baterako, minusbaliotasun-ziurtagiria, mendekotasun-maila, lanerako ezintasuna etab. eskatzea edo berritzea.
Zer onura ditu Neuropsikologiak Esklerosi Anizkoitza duten pertsonentzat?
- Prozesu diagnostikoan eta pertsonen maneiuan laguntzen du, prozesu kognitiboen ebaluaziotik abiatuta, hala nola, arreta, memoria, funtzio exekutiboak
- Eguneroko errendimendu kognitiboa hobetzen du
- Gabezia kognitiboak eta horien ondorio kaltegarriak murrizten ditu
- Plangintza eta antolaketa, epaiketak egitea edo erabakiak hartzea hobetzen du
- Ahalmen kognitiboei ahalik eta etekinik handiena ateratzea ahalbidetzen du, narriadura globala motelduz.