Nazio Batuen Ingurumen Programaren azken txostenean, Mugak 2022: zarata, sugarrak eta desorekak izenekoan, NBEk ohartarazi du hirietako kutsadura akustikoak ondorio suntsitzaileak izan ditzakeela epe luzera, pertsonen osasun fisiko eta mentalean. Eta, gainera, beste gaitz batzuk areagotu ditzake, hala nola, Esklerosi Anizkoitza.
Zer da kutsadura akustikoa?
Kutsadura akustikoa hiri- eta industria-jardueratik dator – errepideak, trenbideak, aireportuak eta industria –, bai eta etxeko edo aisialdiko jardueretatik ere, baina, batez ere, ibilgailuen trafikotik, hiriek jasaten duten zarataren % 90 inguru baita.
Zer eragin ditu kutsadura akustikoak?
- Zarataren ondorio kaltegarriak ondoez arin eta aldi baterakoetatik hasi eta estres fisiko larri eta kronikoraino
- Gero eta ebidentzia handiagoa dago trafikoaren zaratarekiko esposizioa arrisku-faktorea dela nahasmendu kardiobaskularrak eta metabolikoak garatzeko, esate baterako, hipertentsioa, gaixotasun koronarioak eta diabetesa.
- Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) Europarako Eskualde Bulegoak emandako datuen arabera, gehiegizko zaratarekin bizitzeak narriadura kognitiboa eragin dezake, eta entzumen-urritasuna eta tinnitusa, besteak beste.
- Kalkulatzen da ingurumen-zaratarekiko esposizioak epe luzera kardiopatia iskemikoko 48.000 kasu berri agertzen laguntzen duela, eta 12.000 heriotza goiztiar eragiten dituela urtean Europan.
Zaratak areagotu egiten ditu Esklerosi Anizkoitzak eragindako ospitaleratze urgenteak
Carlos III. Osasun Institutuaren ikerketa batek ezartzen du, batetik, ingurumen-faktoreen (kutsadura akustikoa, kutsadura atmosferiko kimikoa eta muturreko tenperaturak), eta, bestetik, Esklerosi Anizkoitzak eragindako ospitaleratze urgenteen artean egon daitekeen erlazioa. Madrilen zentratutako azterlanean lortutako emaitzek erakusten dute eguneko batez besteko zarata-mailak, hau da, 07:00etatik 23:00etara neurtzen dena, eta % 80an ibilgailuen trafikotik datorrena, lotuta daudela hiri horretako ospitaleetan Esklerosi Anizkoitzaren ondorioz egunero izaten diren premiazko ospitaleratzeekin.
Azaldu dutenez, zaratak gaixotasunaren eboluzioan eragin dezakeen mekanismo biologikoa estres oxidatiboarekin lotuta dago. «Metabolismoaren edo kanpo-faktoreen eraginaren ondorioz, antioxidatzaileen aurrean oxidatzaile gehiegi sortzen direnean gertatzen da oxidazio-estresa, eta horrek heriotza zelularra eragin dezake».
Ikertzaileek nabarmendu dutenez, «zarataren eta ospitaleratzeen arteko erlazioa lineala eta atalaserik gabea da, hau da, zarata-mailen edozein igoera ospitaleratze horien gehikuntzarekin lotzen da». Beraz, trafikoaren soinua arriskuko ingurumen-faktorea izan daiteke, «gaixotasun horren sintomak areagotu ditzakeena, pazienteak ospitaleratzea behar izateraino». Hala ere, honako hau ere zehaztu dute: «horrelako azterlanekin ezin dela ondorioztatu zaratak etiologian esku hartzen duenik».
Soinu-paisaia naturalak
Baina soinu guztiak ez dira txarrak. Badira osasunarentzat onuragarriak direnak, bereziki naturako soinuak, antsietatea murriztu eta buru-errekuperazioa eskain dezaketenak. Horregatik, gero eta ahots gehiagok eskatzen dute pertsonen ongizate fisiko eta psikologikoan lagunduko duten soinu-paisaiak sortzea, hirietan berdeguneak ugarituz. Landaretzak energia akustikoa xurgatzen du, zarata sakabanatzeaz eta soinu naturalak handitzeaz gain, eta espazio bihurtzen dira ongizate mentala sustatzeko.