Nekea Esklerosi Anizkoitzean
Nekea oso sintoma ohikoa da Esklerosi Anizkoitzean. EA duten pertsonen % 70-% 90i eragin diezaioke, gaixotasunaren uneren batean, desgaitasun-mailarekin zerikusirik izan gabe.
Zaila da ulertzea eta are zailagoa azaltzea. Zaila izan daiteke ulertzea esfortzu arin baten ondoren atseden hartu beharra dagoela, edota nahiz eta gau osoan lo egin ez dela atsedenik izan. Batzuetan badirudi aurreko agerraldietan desagertutako sintomak agertzen direla edota daudenak areagotu egiten direla. Egoera asko barne hartzen dituen sintomaz ari gara, identifikatzen zaila izan daitekeena, neke kognitiboa da.
Zirkuitulaburra
Batzuek “zirkuitulabur” deitzen diote fenomeno horri. Esklerosi anizkoitzaren ezaugarria nerbio-sistema zentraleko nerbioetako mielina galtzea da. Nerbio desmielinizatu bati behin eta berriz zirkuitulaburra duenean jarduteko eskatzen badiozu, nekea eragiten du. Une horretan agertzen da atseden hartzeko beharra, nerbioak bere ohiko jarduera berreskuratu behar baitu.
Sintoma konplexu horretarako ez dago definizio argirik, baina honela deskriba daiteke: nekea, akidura, indarrik eza, motibazioa galtzea, energia mentalaren edo kognitiboaren falta subjektiboa. Hala ere, halako sintoma konplexu baten aurrean, deskribapen horiek ez dira oso espezifikoak.
Nekea gaixotasunaren hantura-jarduerarekin lotu da; hala ere, ez da aurkitu harremanik erresonantzia magnetiko batean ikusitako substantzia zuriko lesioen kopuruarekin, ezta garuneko eremu espezifikoren bateko lesioren batekin ere.
Askotarikoa
Nekeak ez du zerikusirik sexuarekin, Esklerosi Anizkoitzaren bilakaerarekin, adinarekin edo defizit neurologikoarekin.
Esklerosi Anizkoitza diagnostikatu zaien pertsonen % 86k baieztatzen du, –Multiple Sclerosis International Federation (MSIF) erakundearen arabera-, nekea dela gehien eragiten dien 3 sintometako bat, eta bizi-kalitatean duen eragina esanguratsua dela, gorabeheratsua bada ere. Era berean, EA duten pertsonen % 55ek ezintasun handiena eragiten duen sintomatzat jotzen dute, eta % 40k, berriz, bere sintomarik txarrentzat.
EA diagnostikatutako pertsonen herenean, gutxi gorabehera, nekea hasierako sintoma gisa agertzen da, eta, % 28tik % 60ra bitartean, sintoma larrigarrientzat hartzen dute.
Lanerako ezintasun-eskaera behartzeko arrazoi nagusia da. Era berean, harreman sozialak mugatzen ditu, osasun mentalari eragiten dio eta, oro har, pertsonek eguneroko errutina betetzeko dituzten trebetasunei kalte egiten die.
Esklerosi anizkoitzak eragindako nekea
Esklerosi Anizkoitzak eragindako nekeak beste funtsezko ezaugarri batzuk ditu, beste gaixotasun batzuetan dagoen neketik bereizten dutenak, esate baterako, beroarekiko eta hezetasunarekiko sentikortasuna. Gainera, sintoma hori larriagotu egiten da egunak edo larritasunak aurrera egin ahala.
Kasu batzuetan sintoma arina da, egunaren amaieran agertzen da gehiago (EA duten pertsonen % 50ek baino gehiagok egunean zehar okerrera egiten dutela aipatzen dute), baina beste paziente batzuetan jarraitua da, eta hain da handia, ahitu egiten baititu.
Tratamendua
Neke-mota bakoitzak kausa desberdinak ditu, eta, beraz, tratamenduak desberdina izan behar du. Era berean, garrantzitsua da kontuan izatea EA diagnostikatutako pertsona guztiek ez dutela neke mota bera, eta baliteke aldi batzuetan neke mota bat nagusitzea. Egoera hori eragiten duten faktoreak ulertu behar ditugu, hobeto heldu ahal izateko.
Garrantzitsua da diagnostiko diferentzial on bat egitea, nekea eragiten ari diren arrazoiak ezabatzeko. Kontuan izan behar da EArekin lotuta egon daitezkeela edo ez.
Nekea eragiten duten baina EArekin zerikusirik ez duten faktoreak
- Infekzioak: Sukarra/infekzioa= nekea handitu
- Klimatologia: Muturreko beroa, hezetasuna
- Estresa: Gatazkak, errutina-aldaketak, familia-arazoak
- Antsietatea/Depresioa: Oso ohikoa EAn
- Loa: Lo egiteko zailtasuna, Lo egoteko zailtasuna
- Farmakoak: Batzuek nekea areagotu egiten dute
Nekea eragiten duen kanpo-faktorerik ez dagoenean, beharrezkoa da EArekin lotutako beste kausa bat aurkitzea:
- Menopausia
- EArekin zerikusia ez duten arnasketa-arazoak
- Bihotz-arazoak
- Arazo endokrinoak