Azterlan askok erakusten dute ariketa fisikoa egitea segurua eta onuragarria dela Esklerosi Anizkoitza duten pertsonentzat, baldin eta behar bezala eta profesionalek gainbegiratuta egiten bada.
Tratamendu sintomatikoaren eta laguntzakoaren zati garrantzitsua da, funtzio fisiologiko asko hobetzea eragiten baitu, desegokitzearen (jarduera fisikorik ezagatik organismoa hondatzea) ondorioz kaltetutako funtzioak, eta sintoma batzuk maneiatzen laguntzen baitu (espastizitatea, nekea, orekarik eza). Horrek guztiak bizi-kalitatean eragin positiboa duten hobekuntza funtzionalak ekar ditzake.
Ariketa fisikoa eta errehabilitazio fisikoa ez dira gauza bera
Ariketa fisikoaren helburua ez da errehabilitazioa ordezkatzea, baina bai errehabilitazio-tratamenduan modu positiboan laguntzea. Ariketa fisikoa modu independentean egin daiteke, irakaslearen gomendioei eta argibideei jarraituz, ongizate fisikoa eta mentala hobetzeko, eta, beraz, egoera fisiko orokorra hobetzeko. Bestalde, errehabilitazio fisikoan, pertsonak terapeuta behar du mugimendu zehatzetan gidatu dezan, funtzio espezifiko bat hobetzeko.
Erresistentzia, indarra, malgutasuna eta oreka lantzeko ariketak
Ebidentzian oinarritutako entrenamendu optimorako gomendio orokorrik eman ezin den arren (pertsona bakoitzak bere gaitasun eta behar espezifikoak dituelako), badakigu erresistentzian, indarrean, malgutasunean eta orekan oinarritutako programek onura ugari sortzen dituztela Esklerosi Anizkoitza duten pertsonentzat.
Onura aipagarrienen artean hauek daude:
- Eskeleto-muskulu funtzioa eta funtzio immunea hobetzea
- Neke-maila murriztea
- Mugikortasuna, egonkortasuna eta koordinazioa areagotzea
- Espastizitatea gutxitzea
- Bizi-kalitatea, gogo-aldartea eta lo-kalitatea hobetzea
Ariketa fisikoa egiteko gomendioak
- Malgutasuna. Bi artikulazio zeharkatzen dituzten muskulu-multzo handiak luzatzea gomendatzen da.
- Komenigarria da egunean behin edo bitan egitea, 30-60 segundotan, eta 3-5 aldiz errepikatzea.
- Energia gutxiagorekin lan gehiago egiteko aukera ematen du. Adibidez, bizikleta estatikoan, oinez, uretako ariketetan…
- Astean 3 aldiz egin beharko lirateke, 30 minutuz gutxienez, eta egunean zehar denbora gutxiagoko saioetan pilatu daitezke, pertsona bakoitzaren nekearen arabera.
- Indarra. Beharrezkoa da ariketak fisioterapeuta batek edo jarduera fisikoko profesional batek gainbegiratzea tarteka.
- Hasieran gutxieneko ekipamendu batekin egin daitezke ariketak. Muskulu-talde handien 1-3 bloke barne hartu beharko lirateke, 10-15 errepikapen egin, segidakoak ez diren 2-3 egunetan.
- Oreka, koordinazioa. Funtsezkoa da gainbegiratuta egitea eta pertsona bakoitzaren mugak kontuan hartuta, erorikoak saihesteko.
- Ariketa errazak eta seguruak, fisioterapeuta batek agindu ditzake pertsonak bere kabuz egiteko, baina aurretik profesionalarekin ikasi behar dira.
Baiezta dezakegu ariketa fisikoa egitea onuragarria dela Esklerosi Anizkoitza duten pertsonentzat, gaixotasun hau ez dutenentzat den bezala.
Ariketa fisikoak ez du aldaketarik sortzen Esklerosi Anizkoitzaren bilakaeran, baina onuragarria da gaixotasunak eragindako aldaketa funtzionalak arintzeko, eta sintoma batzuk maneiatzeko.
Rakel Berriozabalgoitia. ADEMBIko Fisioterapeuta