Lana gizarteratzea da, diru-sarrera ekonomikoak, errekonozimendu soziala, garapen profesionala, sozializazioa eta autoestimua. Eta horrek are garrantzi handiagoa hartzen du EAn, 20 eta 40 urte bitarteko pertsonen artean duen prebalentzia dela eta. Esklerosi Anizkoitza duten pertsonek lanean jarrai dezakete diagnostikoa egin ondoren, eta beren lanpostua egokitzeko eskubidea dute.
Lan egoera eta EA Txostenak* jasotzen duenez, EA duten biztanleen % 38,41 (65.684 pertsona) lan egoera aktiboan dago eta % 10,15ek ez du lanik eta ez du bilatu ere egiten. % 5,94 bakarrik dago langabezian eta % 37,54 pentsiodunak dira.
Hala ere, EAren Nazioarteko Federazioaren Enplegua eta EA Mundu Txostenak ohartarazi du Espainian 2016an, enplegua zutenen % 43k lana utzi zuela (beste egoera-mota batera pasa zen) diagnostikotik hiru urtera eta % 70ek hamar urtera. Kopuru horiek adierazten dute lan-arrisku eta gizarte-bazterketa handiagoa dagoela gaixotasun hau duten pertsonentzat, nahiz eta nolabaiteko aldaketa positiboa gertatu den gaixotasunaren diagnostiko eta tratamendu goiztiarragatik.
Lanean esan egin behar dut?
Oro har, ez da derrigorrezkoa, baina Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legeak salbuespenak ezartzen ditu:
- Ez da Esklerosi Anizkoitza duzula esan behar, ageriko sintomarik ez dagoenean edo zereginetan eragiten ez duenean.
- Esan egin behar duzu zuretzat, gainerako langileentzat edo enpresarekin harremana dutenentzat arriskua dakarrenean.
Gainerakoekin partekatzeko aukera emozioen hustuketa ere izan daiteke, ezkutatze-pisu hori arinduz eta ingurukoek EA duen pertsonaren mugak uler ditzaten lagunduz.
Lanean sintomak maneiatzeko aholkuak
Nekea:
- Laneko zeregin nagusiei eman lehentasuna
- Sarriago hartu atseden
- Txanda-aldaketak edo telelana baloratu
- Talde-lana sustatu eta lankideengan babestu
- Lan-jardunaldia murriztu, nahiz eta legez ez dagoen eskubiderik, ezta ziurtagiriarekin ere. Gainera, balizko ezintasun iraunkorrari edo erretiroari begira pentsioa murriztea dakar.
Sintoma kognitiboak:
- Neuroerrehabilitazioan bilatu laguntza, laneko ahazteei aurre egiteko
- Agendak eta ordenagailuko alertak, idatzizko jarraibideak erabili.
- Distrakzioak murriztu
- Estresa kontrolatu
- Antsietatea kudeatzeko teknikak erabili (meditazioa, arnasketa…)
Sintoma fisiko eta sentsorialak
- Inkontinentzia izanez gero, komunetik gertu dagoen postu bat bilatu.
- Beroarekiko sentikortasun handiagoa izanez gero, saiatu lekuak aireztatuta egon daitezen.
- Hizketako zailtasunen kasuan, anplifikadoreak erabili eta idatzizko komunikazioari lehentasuna eman.
- Ikusmen-arazoak badaude, letra-tamaina handiagoko bisualak eta handitzeko lenteak erabili.
- Mugitzeko zailtasunak: barandak eskatu, eskailerak igotzekoa, bainugela egokitua, ahotsez aktibatutako teklatuak… Enpresak beharrezko laguntza tekniko/arkitektonikoak eman behar ditu, betiere azpiegiturak horretarako aukera ematen badu eta pertsonak gutxienez % 33ko desgaitasuna aitortuta badu. Diruz lagundu daitezkeen egokitzapenak dira.
Eskatu dezaket nire lanpostua egokitzeko?
Bai. Lan-arriskuen prebentzioari buruzko Legearen 25. artikuluak ezartzen du bereziki sentiberak diren langileei babes berezia eman behar zaiela, hau da, beren ezaugarri pertsonalengatik edo egoera biologiko ezagunagatik, desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsorialeko egoera aitortua dutenak barne, beren lanetik sortutako arriskuekiko kalteberagoak direnei.
Esklerosi Anizkoitza duten pertsonek badute telelana egiteko eskubiderik?
Bai, hori justifikatzeko komenigarria litzateke beharra pertsona bakoitzaren egoeraren arabera egiaztatzea.
Enpresetan bada % 33z azpiko enplegu-kuporik?
Ez. Enpresa pribatuek lanpostuen % 2 gorde behar dute desgaitasuna duten pertsonentzat eta publikoek % 7.
*Espainiako Esklerosi Anizkoitza. EMDATA. Lan-egoera eta Esklerosi Anizkoitza. [2023ko Interneteko argitalpena]. Madril, 2024. Esklerosi Anizkoitza duten pertsonei buruzko BDCAPtik (Lehen Mailako Arretako Datu Klinikoen Basea) ateratako datuak erakusten ditu txosten honek, Estatistikako Institutu Nazionalaren (INE) datuekin batera, Espainiako biztanleriaren lan-egoerari buruzkoak.
Gontzal Zabala. ADEMBI, Bizkaiko Esklerosi Anizkoitzaren Elkarteko gizarte-langilea.